
Martin Berasategi jatetxea nazioarteko erreferente gastronomiko garrantzitsuenen artean dago, merezimendu propioei esker. Sari eta errekonozimendu ospetsuen oldeari esker, ehunka lagun joaten dira urtero-urtero bere mahaietara.
Lanarekin maiteminduta dagoen donostiar geldiezin honen sukaldaritzak heldutasun ikusgarria lortu du, irmotasunaren bidez. Hala, benetan atsegin duenarekin gozatzen jarraitzeko aukera du egunero-egunero: jatekoa prestatzearekin eta dakien guztia belaunaldi berriei erakustearekin.
Goi mailako gastronomiaren erreferentzia da, hiru Michelin izar lortu ditu eta puntuazio gorenak jaso ditu munduko gida gastronomiko guztietan. Batzuen aburuz arina, irudimenezkoa, freskoa, berehalakoa eta teknika xehearen bidez egindakoa da sukaldaritza hau.
Ibilbide oparoaren ostean, 1993an bere jatetxea zabaldu zuen Lasarten eta, egun, sukaldaritzarik onenari eta atseginez gozatzeari lotutako proiektu gastronomikoak zein editorialak kudeatzen dituen taldea zuzentzen du.
Oinak lurrean dituela, lur noble eta zorioneko honetakoa izateaz harro, Martinek bere sukaldaritzarik onenari buruzko erakusketa biltzeko erronkari egingo dio aurre web orri honetan, pantaila gutxi batzuetan unibertso guztiz zaporetsua laburbiltzen saiatuko baita. Bertan, sukaldeko zein jangelako brigada osatzen duten guztiek hartuko dute parte.
Martinen ustez, SUKALDARITZA ona, maiuskulaz idazten dena, ez da inorena, sukaldaritza antzinatik lantzen duten guztiena baizik. Egiten duen lanaren helburu nagusia, sukaldaritza hori sentiberatasunez interpretatzen jakitea da.


taldearen web orriaren menua